XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gérard Cornu jurista eta lexikografo frantsesak dioenez, frantsesez 250-400 baino ez dira zuzenbidean bakarrik erabiltzen diren hitzak.

Alegia, milaka (hamar, hogei?) hitzez osatutako hizkera berezi horrek erabiltzen dituen hitz gehien-gehienak hizkuntza orokorrekoak dira; badute beste esanahirik zuzenbidetik at.

Hitzok maiz, itxuraz egunerokoak (acción, error, culpa) baina izatez guztiz teknikoak izaten dira.

Horrela, hizkuntza orokorrak berez duen polisemia (e.b. reconocimiento), areagotu egiten da zuzenbidean, zentzu tekniko berri bat gabe, hiru, lau edo gehiago eransten diolako.

Hizkuntza orokorreko hitz bat noiz den teknikoa jakitea da hizkera juridikoaren katramilarik endredagarriena.

Legegileak oro har hizkuntza orokorreko hitzak erabiltzen dituela, ikusi dugu.

Hainbat kasutan, ordea, hizkuntzako hitzak definizio bereziz hornitzen ditu; legezko esanahia ematen die.

Zenbait kasutan horrela hitzen esanahaia murriztu, saihets batera makurtu, bihurritu edota aldatu egin daiteke, hizkuntzan esan nahi duenaren kontrakoa adieraztera iritsi arte.

Hona, esate baterako Europako Komunitatea sortu zuen Erromako Itunaren 38.1 artikuluan gaztelaniaz esaten dena: Se entiende por productos agrícolas los productos de la tierra, de la ganadería y de la pesca.

Ez du horrek zerikusirik beste alorretako autoritateek egiten dituzten aukera terminologikoekin.

Zientzia gogor zein kulturaletan, arrazoiak emanez gero, edonork arbuia baitezake bestearen aukera, edota hobea proposatu.

Legegileak emandako definizioak, ordea, okerrena izanda ere, legearen indarra izango du.

Horrela erabili beharko da, eta horrela jaso beharko dute, hiztegi orokorrek ez bada, bai bederen gaiari buruzko espezialduek.

Gure zuzenbide-munduan orain artekoan, eta ezinbestean, itzulpenak aparteko garrantzia duenez, alor horretako itzulpengintzan topatzen den arazo-mota bat ilustratzen duen bakarra ekarriko dut.

Honela dio Antoni M. Badia i Margaritek: ... en castellá no són pas sinonims kjefatura y delegaciónm, com tampoc no ho són kjefatura y direcciónm. I si no són pas sinonims en castellá, ¿com podrém fer-los-hi en catalá?

Adibideak erakusten duenez, zuzenbideko eta administrazioko kargu, erakunde, erlazio juridiko, etab. gehienak izen bati lotuak sortu ohi dira.

Horiek bereizten dituen, eta erreferentzia unibokoa ematen duen izen hori, maiz, izen-adjektibo arruntez osatutako izendapena da: kauxiliar, ayudante, asociado, departamento, sección, negociado... tradizio juridikoan (espainolean) zerbaiti lotua, baina benetan definigaitza.

Nola jokatu, gure kasuan bezala, kargu, erakunde, erlazio bakoitza modu zehatz eta dudagabean izendatzera behartuta gaudelarik?

Ez dira hemen ahitzen zuzenbideko hizkeraren berezitasunak, eta are gutxiago horren inguruko arazoak.

Zertzelada horiek nondik norakoak seinalatzeko balioko duten esperantzarekin, toki gehiago eskaintzen didaten beste baterako utzi behar ikuspegi osoagoa eta zehatzagoa.